1937, 1974… 2012 oroitzapenak bizirik
maider -k Gogoetak, Historia gogoratuz -n argitaratua, tags: 1937, Krabelinen iraultza, oroitzapena
Em cada esquina um amigo
Em cada rosto igualdade
Grândola, vila morena
Terra da fraternidade
(Grândola, Vila Morena)
Urteko garai hauek iristen direnean familiatik jasotako oroitzak nire burua kolpeatzen dute. Gerra Zibileko oroitzak, kolpistek ezarritako diktadura Estatu osoan, Portugaleko krabelinen iraultza… txiki- txikitatik, Euskal Herriko familia askotan bezala, oroitza kolektiboa eta urte horietan gertatutakoak abestien eta malkoen bitartez transmititu da; herentzia gogorra.
Baina aurtengoak badute bere berezitasuna: aurten amona falta zaigu familian lehenengo aldiz.
Aitortu behar dut, egun horren beldur izan naizela urteetan. Urte askotan. Gure oroitzapenak, geure senideek transmititzen dituztenak, beraiek itzaltzen diren heinean, beraiek bizitako pasarteak memoriaren sakontasunean galtzearen beldur izan naiz.
Aste hauetako egunak, esan dudan bezala, beti izan dute zentzu berezia geure familian: izatez anarkistez osatutakoa zen Barbarin familia (amonaren familia); zortzi ahizpa, zortzirak anarkista eta komunistekin ezkonduak… eta hilarte, sozialismo libertarioaren odola izan zuten emakume indartsuak.
Eta oroitzapenen galera horren konszientzia izanik, gaur “Grândola, Vila Morena” abestia oroitu dut; nahigabe, ohartu gabe, hori abesten hasi naiz. 1974ko apirilaren 25ean Portugalen indarra erabili gabe eman zen iraultzaren seinale izan zen abestia; askotan familiako giro horretan entzun dudana abesten… Amonak irakatsi zidan lehenengo ikasgaiaren arabera edozein zapalkuntzaren aurrean herri guztiak berdinak gara, anai-arrebak gara; bere hitzak present izan ditut twitterren #gernika75 halstaga jarraitzen ari nintzelarik.
Lasaitasuna. Beldurren atzetik, argi gelditu baitzait, Historia gure oroitzapenen transmisioa galtzen ez den bitartean, belaunaldiz belaunaldi jarrai dezakeela… mila esker amona.


Sarrerak (RSS)